lunes, enero 22, 2007

ERLIJIOA ETA HEZKUNTZA

Datozen urteetan, edozein gizartetako hezkuntzak gutxiengoen integrazioa izango du erronka nagusienetarikoa. Herrialde bakoitzean administrazioek beren hezkuntza sistemak antolatzeko darabilzkiten hainbat eredu alde batera utziz, denek aurreikusi beharko dituzte ekidingaitzak diren arazoen soluziobideak: etorkinen kulturaren errespetua, herrialde hartzailearen kulturan integrazioa, «ghetto»en formazioaren aurkako borroka, eta euskaldunak izanik, zer esanik ez, zenbait herrialde hartzailek dugun hizkuntza gutxituen mantenua.

Erronka handiak izanik ere, arazo horien isla geroz eta nabarmenagoa da egunez egun, esaterako, azkenaldian Espainiako Estatuan gutxiengo erlijioso mu- sulmanek islama irakaskuntza publikoan txertatua izan dadin eginiko aldarrikapena.

Erlijioa ez da gaur egun urteetan izan den gizarte balore determinatzailea. Gure inguruko gizarteetan laizismoa hezkuntza sistema gehienen ezaugarri bilakatzen ari da pixkanaka, hain zuzen, elkartasun, justizia eta berdintasun baloreetan sakonduko duen gizarte batek ez baitu erlijioak irakatsitako baloreen ezinbesteko beharrik. Mundu mailan gertatzen diren hainbat fenomeno ulergarriak izan daitezen erlijio garantzitsuenen ulermena nahi- taezkoa bada ere, erlijioaren baloreetan haztea bestelako kontua da. Gurasoen hautua izanik, gurasoek garrantzitsutzat jotzen duten hezkuntza arlo hori asetzeko aukera izan behar dute (komunitate erlijiosoetan, parrokietan, sinagogetan...), baina ez hezkuntza eredu bat derrigorrez inposatuz. Hezkuntzak laizismorantz jo behar du, ez alderantziz.

DISLEXIA

«Leloa eta alferra zela esaten nion, baina ez da ez leloa eta ez alferra». Jone -asmatutako izena da, nahiago du benetako izenik ez esan- gogaituta zegoen bere alaba Susanarekin. Ikasketetan ez zuen aurrera egiten, eta ama pentsatzen hasita zegoen ez zuela atarramendu onik izango umearekin. Joan den irailera arte. Milaka buelta eman eta gero, Susanak irakurtzen eta idazten ikasteko zailtasunak zeuzkala jakin zuten. Berez, ez da dislexia, baina pare-parean jar daitezke. Lasaiago geratu ziren berria izatean bai Jone eta bai Susana. Bazekiten zer gertatzen ari zen.




Arrazoi fisikoen ondorioz, dislexia dutenek ezin dituzte soinuak eta horiek adierazten dituzten letrak lotu. Hala, oso zail egiten zaie irakurtzen eta idazten ikastea. «Inteligenteak dira, ikasteko abilezia daukate, baina ezin dute irakurtzen eta idazten ikasi. Hizkuntza kontuetan ez, baina beste arlo batzuetan bikainak izaten dira», azaldu du Pilar Nuñez pedagogo eta dislexia kasuetan adituak. Horren erakusle dira dislexia izanda arrakasta izan duten pertsonak: Albert Einstein, Walt Disney eta Tom Cruise, esaterako.

jueves, enero 18, 2007

AUTISMOA



EiTBk autismoa dutenei laguntzeko telefonoa martxan jartzen du gaur

A. G. Bilbao

EiTBk aurtengo elkartasun kanpaina autismoa duten gaiso eta bere senideei eskaini die. Gaur jarriko du martxan autismoa dutenei laguntzeko telefonoa. Dirua eman nahi dutenek 902 54 25 25 telefonora deitu ahal izango dute goizeko 10:00etatik gaueko 22:00etara.EiTBren kanpainaren bitartez, gaisotasun hori duten lagunen eta haien ingurukoen bizimodua hobetu nahi da. ‘‘Autismoak bakartu egiten du. Eta zeuk?’’ lelopean, EiTB Taldeko komunikabideek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Euskadi Gaztea, Radio EiTB Irratia eta eitb.com webgunea) informazio eta sentsibilizazio kanpaina egingo dute abenduaren 22a bitartean. Kanpainaren azken egun horretan, laguntza batzeko ahalegin berezia egingo du.

Autismoari buruzko informazio gehiago

HIPERAKTIBITATEA

Hiperaktibitateak eta arreta gabeziak ikasketetan eta bizitza sozialean eragiten du

Mutilek izan ohi dute, batez ere, arreta gabezia hiperaktibitatearekin. Arazo larriak eragiten dizkie horrek bai eskolan, bai gurasoekiko eta lagunarteko erlazioetan. Botikekin hobera egiteko modua badute ere, jardunaldietan gai horren gainean mintzatu den irakasleak, Mikel Haranburuk, adierazi du sendabide kognitiboak eta bere beharretara egokitutako heziketa direla onuragarrienak. Heziketa horretan, eskolak ez ezik, gurasoek eta lagunarteak ere parte hartu behar dute. Hala ere, detekzioan duten garrantzia dela-eta, irakasleek zenbait irizpide ezagutzea ezinbestekoa da. Hiperaktibitateak eta arreta gabeziak ikasketetan eta bizitza sozialean eragiten du.

Lehen Hezkuntzan hiperaktibitatea lantzeko liburu bat badago.

ENTZUMEN URRITASUNAK

Hasierako urratsak
Eskolan hasi zenean gorreria sakona zuen haurrak. Bere gurasoak hasiak ziren keinu hizkuntza ikasten. Oso neska bizia, argia, jakin-min handikoa zen txikitatik, gurasoekiko komunikazioa ri esker. Informazio asko emateaz arduratu dira beti etxean, eta gaur egun ere ikaskideek baino gehiago jarraitzen omen ditu aktualitateko albisteak, etxean jakin-mina auspotu diotelako beti. Karmelek, zuzendariak, gogoan ditu eskolako klaustroak izan zituen bilerak, nola komunikatu aztertzeko; irakasle denek izango baitzuten harremana haurrarekin. Keinu hizkuntza behar zuten ikasgelako lanerako, eta beste pertsona bat ekarri zuten egun erdiz lagun zezan. Irakasle hura talde osoarentzat zen, ez espreski entzumen urritasuna zuen haurrarentzat. Blancak badu esperientzia lan horretan, eta bere hitzetan, "ikasgelako dinamika asko aldatzen da, baina aldaketa hori ikaskide guztien hoberako izaten da. Nik beste eskola batean jarduten dut irakasleak esana zeinu hizkuntzarekin erreforzatzen, eta euskarri bisual hori laguntza handia da beste haur batentzat ere, etorkina denarentzat eta hainbat gauza ulertzekozailtasunak dituenarentzat".



Norabide aldaketa
3 urterekin inplantea egin zioten ikasleari, eta harrez gero asko aldatu da haurraren egoera eta baita eskolaren antolaketa ere. Egun Blancarekin entzuten "ikasten" ari da, soinuaren diskriminazioa egiten ikasten ari da. Soinuen diskriminazioan aurreratu ahala, urrats handiak ematen ditu ahoskatze jardunean. Ikasgelan dinamika arrunta jarraitzen du, eta ordu gutxitan izaten du irakasle bat alboan. Ikasgela U forman antolatzen dute, denak aurpegiz-aurpegi egon daitezen. Irakasleak oso kontuan izan behar ditu ondo ahoskatzea eta keinu bidezko espresioa, mesedegarri delarik ikaskide guztientzat. Gainerako ikasleek ere espresio pauta horiek jarraitu behar dituzte, nahiz sarritan gogorarazi egin behar izaten zaien.



Nortasuna langai
Inplantearekin asko aldatzen da egoera pertsonala, eta Blancak dionez, "askori geratzen zaio jada ez dela gorra sentitzen". Horrek beste "arazo" batzuk dakartza. Ikasle honen kasuan, keinu hizkuntzaren aurka erreakzionatu zuen; irakasleek komunikazioa keinu bidez erreforzatzea "itsusi" iruditzen zitzaion. Nahiz ahozko komunikazioan oso ondo moldatu, keinu hizkuntza jakiteak badu bere garrantzia; esaterako, entzumen urritasuna duten beste pertsonekin komunikatu ahal izateko. Harreman horiek behar ditu, gainera, erreferente bezala bere buruaren irudia finkatzeko. Eskolan bere antzeko egoera bizi dutenen erreferentzia falta baitzaio, eta hori gabe berea kasu bakarra dela sentitzeko arriskua du. Hargatik, ARANSGIk antolatzen dituen bazkarietan edo txangoetan parte hartzen du. Bere mugak zein diren jabetzen eta onartzen laguntzea ere bada Blancaren lana, ikasgelaz kanpo komunikazioa lantzen duten bitartean. Eguneroko bizitzan lagunekin eta bere buruarekin dituen gatazka txikiak gainditzeari garrantzia handia ematen diote. Zoragarria omen da haurrak duen ikasnahia; baina batzuetan bere mugak onartzen jakin behar du. Euskaraz bikain moldatzen da, eta inor baino irakurzaleagoa da. Gaztelanian egin dituen aurrerapausoek harrituta ditu denak. Ingelesa ikasteko amorratzen dago, baina irakasleek baretu behar izan dute, pauso bakoitza bere garaian eman behar baita.

lunes, enero 15, 2007

IKUSMEN URRITASUNAK DITUZTENENTZAKO LITERATUR LANAK

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, euskara dakiten baina ikusmen urritasuna duten euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatze aldera, hitzarmena sinatu du berriki Espainiako Itsuen Elkarte Nazionalarekin (ONCE), euskarazko literatur lanak pertsona horien beharretara egokitzeko asmotan.
Oraingoa ez da bi erakundeek gisako akordioa sinatzen duten lehenbiziko aldia, 2000-2002 urte bitartean ere diru-laguntza (68.000 euro orotara) jaso baitzuen ONCEk, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu eta bere jardun-eremuan euskararen normalizazioa sustatzeko asmoz.
Hala ere, tarte horretan itsu euskaldunei zuzendutako braillezko material gabezia eta dagoenaren kalitate eta antolamendu eza salatu izan dira. Manu Agirrek 2005eko abenduan "itsuen hizkuntza eskubideen alde" burutu zuen gose greba izan da, zalantzarik gabe, gai honen inguruko ekimenik deigarriena.
Literatura irakurri eta entzun
Oraingo hitzarmenaren bidez, ONCEk euskarazko hirurogeita hamabost literatur lan moldatuko ditu braille sistemara eta Daisy sistemara, ikusmen urritasuna duten pertsonek irakur eta entzun ditzaten.
ONCEk hartu dituen konpromisoen artean dira, aurrekoez gain, berak argitaratzen duen Haizea soinudun aldizkari elebidunaren bi zenbaki ekoiztea, besteak beste, literatur lan hauen zabalkundeari eragiteko. Bestalde, euskara dakiten ikusmen urriko pertsonen artean oraingo liburu-funtsaren berri jakinaraziko du, bai eta hitzarmen honen ondorioz sortzen den funtsaren berri ere.
Gainera, formatu analogikoan grabaturik dauden oraingo literatur argitalpenen eta hitzarmen honen ondorioz sortzen direnen mailegu-sistema bultzatuko du ONCEk, euskara dakiten ikusmen urriko pertsonek, nahi izanez gero, eskura ditzaten.
Soinu bidezko 207 eta 42 braillez idatzita
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bitartez, 57.000 euro jarri ditu asmo hau gauzatu ahal izateko. Ikusmen urriko pertsonen beharretara egokituko diren titulu eta egileen balizko zerrendan ageri dira, besteak beste, Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi, Karmele Jaio eta beste askoren lan zahar eta berriak.
Gaur egun, ONCEk soinu bidezko euskarazko 207 liburu ditu eta 42, berriz, braillez idatzita.

DOWN SINDROMEA


Giza genoman dagoen kromosoma txikienetako bat da baina garrantzi handikoa

Joan den urtean 22. kromosomaren sekuentzia osoa argitaratu zen. Orain 21.aren txanda da. Nature aldizkariak atzo plazaratutako berria da. Japoniako, Alemaniako, Frantziako, Suitzako, Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko 62 zientzialari elkartu eta sekuentziazioa lortzeko lan taldea osatu zuten, «21. kromosomaren ma-pa eta sekuentzia lortzeko lan taldea».

KROMOSOMA parearen beste kopia bat dauka, hau da, bikotea izan beharrean hirukotea dauka. Hori gertatzen denean, Down sindromea garatzen da. Ez da buru moteltasun soila, gaixotasun horrek hazkuntza anormala, bihotzeko gaitzak, leuzemia eta Alzheimer goiztiarra ekar ditzake.
Zergatik kromosoma horren hirugarren kopia izateak arazoa dakarren ez dago argi. Behintzat jakina da kromosoma horretako gene guztiek ez dutela zerikusirik. Sekuentzia jakiteak asko lagun dezake dena argitzeko. Izan ere, Down sindromea dutenek tumore solidoak izateko aukera txikiagoa dute, 21. kromosomak tumoreak suntsitzeko proteina baten genea kodetzen duelako. Minbizi mota askoren aurkako babesa handiagoa dute. Leuzemiaren aurkakoa, ordea, ez.
Down sindromeaz gain beste hainbat ezaugarri jakinak ditu 21. kromosomak. Besteak beste, Alzheimer mota bat, esklerosi amiotrofikoa eta epilepsia mota bat bertako geneak mutatuta sortzen dira. Dagoeneko hamalau identifikatu dira.
Guztira 225 geneen kodea gordetzen du kromosoma horrek. Hori tamaina txikia da. Iaz deskodetutako 22. kromosomak 545 geneen kodea du. Hala ere, lehenak eta azkenak, hurrenez hurren, 33,8 eta 33,4 milioi base pare dituzte. Horrek tamaina berdintsua dutela esan nahi du, gainera, orain sekuentziatu dena oraindik zertxobait txikiagoa dela, alegia. Oso gauza bitxia da. 21. kromosomaren zati handiak ez dute ezertarako balio, kodeketaren arloan behintzat.

miércoles, noviembre 08, 2006

NOR NAIZ NI


Nik June Uriarte dut izena. Leioako auzo txiki batean bizi naiz eta 20 urte ditut. Magisteritza ikasten ari naiz Bilbon, Arangoitiko E.H.U.ko irakasleen eskolan. Lehen Hezkuntzako 3.mailan nago jada eta laister bukatzea espero dut.