lunes, enero 22, 2007

ERLIJIOA ETA HEZKUNTZA

Datozen urteetan, edozein gizartetako hezkuntzak gutxiengoen integrazioa izango du erronka nagusienetarikoa. Herrialde bakoitzean administrazioek beren hezkuntza sistemak antolatzeko darabilzkiten hainbat eredu alde batera utziz, denek aurreikusi beharko dituzte ekidingaitzak diren arazoen soluziobideak: etorkinen kulturaren errespetua, herrialde hartzailearen kulturan integrazioa, «ghetto»en formazioaren aurkako borroka, eta euskaldunak izanik, zer esanik ez, zenbait herrialde hartzailek dugun hizkuntza gutxituen mantenua.

Erronka handiak izanik ere, arazo horien isla geroz eta nabarmenagoa da egunez egun, esaterako, azkenaldian Espainiako Estatuan gutxiengo erlijioso mu- sulmanek islama irakaskuntza publikoan txertatua izan dadin eginiko aldarrikapena.

Erlijioa ez da gaur egun urteetan izan den gizarte balore determinatzailea. Gure inguruko gizarteetan laizismoa hezkuntza sistema gehienen ezaugarri bilakatzen ari da pixkanaka, hain zuzen, elkartasun, justizia eta berdintasun baloreetan sakonduko duen gizarte batek ez baitu erlijioak irakatsitako baloreen ezinbesteko beharrik. Mundu mailan gertatzen diren hainbat fenomeno ulergarriak izan daitezen erlijio garantzitsuenen ulermena nahi- taezkoa bada ere, erlijioaren baloreetan haztea bestelako kontua da. Gurasoen hautua izanik, gurasoek garrantzitsutzat jotzen duten hezkuntza arlo hori asetzeko aukera izan behar dute (komunitate erlijiosoetan, parrokietan, sinagogetan...), baina ez hezkuntza eredu bat derrigorrez inposatuz. Hezkuntzak laizismorantz jo behar du, ez alderantziz.